XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Geldi geratzen naiz eskailera handiaren behealdean, Grégoireren zain.

Harekin hitz egin behar dut, Berriauren ordua baino lehen.

Lur jorik dago, alabak disziplina batzordearen aurrera agertu behar duela jakin duenetik.

Gu baino beranduago iristen da, batzuetan, gelara. Hori ez zen sekula gertatzen.

Beti lehena izaten zen. Ikasleek burla egiten diote, bere kartera eta bere betiko janzkerarekin ikusten dutenean.

Bat-batean, aldatu egiten da Berriauren begirada, geldi geratzen da, eta berriro guregana denean, ez zaigu ezaguna egiten.

Berriau beste pertsona bat da. Begira geratzen zaigu, gu ikusteke, eta bera errespetatzeko eskatzen digu isilik.

Egun batean argi-indarra ordaintzea ahaztu zitzaion amari, edo txekea galdu zen, ez dakit.

Biharamunean, argia eten ziguten. Paul eta niretzat dibertigarria izan zen kandelak piztea. Aita iritsitakoan, etxea ilunpetan zegoen: Zer esango ote dute auzoek?

Zer esango ote dute auzoek? Aita kezkaturik zegoen Jardin andereak, etxeko errezelen atzean ezkutaturik bizi denak, edo Lucas jaunak, inoizka sotoan galdu eta arratoei tiroka eta Argelia frantsesa oihuka aritzen denak, esan zezaketenaz.

Lucas jaunak ikusi zuen ez genuela argirik. Biharamunean esan zuen: Beraz, Bonnot jaun andreen etxean ez dute argia ordaintzekorik, ez al da horrela? Eta barre egin zuen.

Horrela egiten dute denek barre, Berriau jauna ikusten dutenean.

Berriau eskaileraburuan da. Ezagutzen ez dudan irakasle batekin ari da hizketan. Grégoire eta Pradel haren atzean daude.

Grégoirek aurrera begiratzen du; betaurrekoak dauzkan arren, begiak kizkurtzen ditu. Badaki hemen naizela eta bere zain nagoela.